XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezinbestean... Obabakoak Aste honek berri pozgarria ekarri die euskal literaturzaleei: Obaba galduan gertatzen eta kontatzen direnak gortearen onespena izan dute, eta Bernardo Atxagaren liburuak hobe esanda, liburu honetan ixuri den Bernardo Atxagak, Estatu mailan ematen den Literatur Sari Nazionala merezi izan du.

Egia esateko, entzun ahal izan genuen pasadizu farregarririk saria eman ziotenean, batez ere erdal-irratietan: ordu pare batez, bi irabazle izan zituen sariak, euskaldunak biak, gainera, Bernardo Atxaga eta Jose Irazu....

Baina bi batetan biltzen direnez argia egin zen azkenik, eta hurrengo orduetako arazo bakarra Obabakoak bezain izen traketsa zuzen ahoskatzea izan zen.

Biharamunean, goizeroko ohizko tertulianoek ezin izan zuten unea pasatzen utzi es incomprensible que se de un premio así a un libro que yo no puedo leer esan gabe.

Baina, hala eta guztiz ere, Kritikaren saria jaso ondoren bigarren argitalpenean dagoen Obabakoak marka berria hautsi du....

Baina markarik garrantzitsuena, zalantzarik gabe, euskal irakurlegoari esker lortutakoa da.

Joan den uztailean argitara eman zenetik, harrera ezin hobea izan du liburuak.

Donostiako azkeneko liburu-azokan, gazteleraz idatzitakoekin lehian, salduenetakoen zerrendan bigarren gelditu zen.

Oraindik orain, euskal literaturari buruzko mahai-inguru batetan egungo euskal literatura Obabakoen sindromearen pean zegoela esatera iritsi zen.

Hala bada ala ez bada ere, beste literaturgintza batzutan gertatu ohi denez, sariaren eragina nabarmena izan da liburudenda bat baino gehiago geratu da Obabakoen alerik gabe azken egunotan.

Oraingoz, Atxaga Obabakoetan amaitzen da eta, kasu honetan, edonori ekin diezaioke lehenengo aldiz asteasuarraren lana irakurtzeari liburu honetatik abiatuta, guztiz irakurgarria bait da Atxagaren presuntziorik gabeko prosa, landua.

Beraxek esaten du orrialde hauetan mugaren-mugan idatzi dituela Obabakoak, hamar urtetako prestaketa eta hiru urtetako ahaleginaren ondoren.

Dozena pare bat lan eskaintzen dizkio irakurleari Atxagak 400 orrialdetan zehar.

Edozein ordenetan irakur omen daiteke lanok, norberak bere liburua osa dezan, kasualitateak edo eta borondateak proposatzen dizkion hariak nahi dituen eran lotzeko duen aukerari esker.

Ezinbestean, eta halaxe delako, Obabakoak gomendatu behar dira egun hauetan.

Une aproposa izan daiteke, era berean, orain arte idazle honen obrari hurbildu ez zaiona Atxagaren aurreko lanetaz ardura dadin.

Baina, kontuz, Atxaga ez baita beti edaten erraza... 1976ko Ziutateaz beldurrik gabe eskura daiteke, eta aurrera egiten saiatu bide-erdian korapilaturik geratzen bagara ere.

Ez da, ez, erraza, baina bidai interesgarria bilaka daiteke.

Poesiazaleentzat, Etiopia iraultzailea.

Eta, mundu guztiarentzat, Bi anai nobela edo eta Atxagaren haur eta gazteei zuzendutako obra paregabeak.